Ibiur urtegia

Ibiur urtegia

Azken urteotan Tolosaldean ur-hornidura arazo ugari izan dituzte uda-sasoian. Egoera horri buelta emateko, duela urte batzuk urtegi berri bat eraikitzeko lanei ekin zitzaien. Ibiurko urtegia dagoeneko bukatua dago, urez betetzen, eta ura ematen hasten denean 60.000 biztanleren beharrak asetu ahal izango ditu.

Txindokiko gailur zorrotzaren zaintzapean, Ibiurko urtegi eraiki berria, poliki-poliki, urez betetzen ari da. Urtegia bete ahala, Orendaingo eta Baliarraingo lurrak estaliko ditu Ibiur errekastoaren urak, eta, noizbait betetzen bada, bere barnean ia 8 hektometro kubiko ur gorde ahal izango ditu.

Hormigoizko hormak 63 metroko altuera du, 9 metroko zabalera, eta 230 metroko luzeera. Kanpotik zein barrutik begiratuta, presaren egiturak osoa dirudi, molde bakarrean egindakoa. Baina ez, modularra da. Bata bestearen gainean jarritako hamasei blokek osatzen dute.

Ibiurko presa ez da ikaragarri erraldoi horietakoa, baina txikia ere ez. Datu pare bat: guztira bost urte iraun dute eraikitze-lanek, eta, horma jasotzeko, 200.000 metro kubiko hormigoi erabili dira; hau da, berrehun milioi litro. Hormari egunero egiten zaio jarraipena. Auskultazio-sistema ugari daude galerietan. Blokeen arteko mugimenduak neurtzen dituen elongametroa, adibidez. Bi bloketan tinkaturik dauden hiru punturen arteko distantzia neurtzen du, mikrometrotan, eta horrela jakiten da blokeak zenbat mugitzen ari diren. Lehen aldiz presa baten barnera sartzen denari atentzioa ematen dion mekanismo bat ere badu: pendulua. Foucault-en penduluaren antza du, goian puntu tinko batean lotutako hari fin bat du. Haritik zintzilik, berriz, pisu bat. Egitura horren helburua, uraren bulkadaren ondorioz presak izan ditzakeen mugimenduak neurtzea da. Horrelako beste hainbat pendulu daude sakabanatuta urtegiko galerietan, baina neurketak modu automatikoan egiten dituztenak ere badira. Horregatik, gailu elektronikoz betetako armairuak ere nonahi aurkitzen dira.

Urtegiko horma eraiki zenetik, Ibiur errekastoak ur gutxiago eroaten du Oria ibaira. Urtegian geratzen da gehiena, baina Ibiurrek jarraitzen du Oria elikatzen. Emari ekologikoa deitzen zaio horri, komenentziaren arabera gehitu edo gutxitu egin daitekeen emaria. Presaren ondoko eraikinetik urtegiaren egituran gerta daitezkeen gorabehera guztiak zaintzen dira. Eragiketa batzuk hemendik egitea ere badago, sentsore eta sistema gehienen datuak jaso, begiratu eta aztertu egin daitezke: minuturo batzuk, orduro beste batzuk eta egunero gainerakoak; historiak osa daitezke, eta haien arabera erabakiak hartu. Urtegia betetzeko lanak ekainean hasi baziren ere, ez dago garbi noiz iritsiko den Ibiurko ura Tolosaldeko herrietara. Uda lehorra izan da, oso euri gutxi egin du. Udazkena eta negua nolakoak izango diren ez dago jakiterik. Lainoen menpe, beraz.